XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zurgapen-mekanismoak honako hauek dira:

- Barreiaketa, mikrobilosken mintzetan zehar, gradiente elektrokimikoaren alde.

- Barreaiketa erraztua, garraiatzailearen bitartez eta kontzentrazio-gradientearen alde.

- Garraio aktiboa, kontzentrazio-gradiente edo gradiente elektrikoaren kontra ATP gastatuz.

14.6.- GOROZKIEN ERAKETA

Heste lodia liseri-aparatuaren azken zatia da.

Heste meharrarekin balbula ileozekalaren bitartez lotzen da.

Bere atalak hesteitsua, kolona eta ipurtestea dira.

Heste meharraren higidura peristaltikoek, balbula ileozekala irekiz, kiloaren zati bat hesteitsura iragatea errazten dute.

Heste lodiaren funtziorik garrantzitsuena zera da, liseriketaren hondakinak kanporatuko diren gorozki bihurtzea.

Heste lodian egiten den uraren zurgapenaren ondorioz gorozkiak erdisolidoak dira eta ur-galera handirik ez izatea lortzen da.

Heste-floraren bakterioek ere (Escherichia, Klebsiella, Salmonella eta Aerobakter jenerokoak) gorozkien eraketan eskuhartzen dute.

Bakteriook gorozkien gai organikoez elikatzen dira.

Beren iharduerak gorozkiei kolore arrea ematea dira, zeren behazun-pigmentuak katabolizatu eta beste pigmentu arre bihurtzen bait dituzte.

Honez gainera, ustel-fermentazioetatik gai kiratsuak sortu ohi dira.

Gorozkien %75 ura da eta, gainerakoa, lignina, zelulosa, hemizelulosa, bakterio anitz, gai inorganiko (fosfatoak, kaltzioa ...) eta beste zenbait gai organikoz osaturik dago.

Gorozkiak, hesteitsura sartu eta, hamabitik hogeitalaura ordu geroago heltzen dira ipurtestera.

Otordu baten ondoren, hirurogeitabi ordu eta gero, hondakin liseriezinen %25ek oraindik ipurtestean irauten du.

14.7.- ARNAS FUNTZIOA

Funtzio honen bidez animaliek oxigeno molekularra (O2) bereganatzen dute.

Molekula hau ezinbestekoa zaie organismo aerobioei; molekula organikoen oxidazio-mekanismoetan askaturiko protoi eta elektroien azken hartzaile bait da.